Urtean Zeharreko XXV. domekea_C




Sal 112, 1-2. 4-6. 7-8



R/.   Goratu egizue Jauna,
       behartsua ataraten dauana

(EDO)

Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago.
Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Gorenean dau tronua,
baina beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko. R/.

Gizajoa hautsetatik jasoten dau,
behartsua zaborretatik ataraten,
eta handikien artean jesarriarazoten dau,
bere herriko handikien artean. R/.

Urtean Zeharreko XXIV. domekea_C




Sal 50, 3-4. 12-13. 17 eta 19



R/.       Jagi eta banoa nire aitagana

Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena, zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik.

Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua.

Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorapena.
Damuz hautsiriko espiritua da
Jainkoak nahi dauan sakrifizioa;
Zuk ez dozu gutxiesten, ene Jainko,
bihotz hautsi eta umildua.

Urtean Zeharreko XXIII. domekea_C





Sal 89, 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17



R/.       Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara,
    gizalditik gizaldira

Gizakia hautsera bihurtuarazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan 
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

Hor daroazuz gizakiak,
amesa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez:
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta ihartzen. R/.

Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte? 
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi Harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.