R/. ATARAKO DOZUE URA POZIK
SALBAZINOAREN ITURRIETATIK
Jainkoa dot salbatzaile!
Badot uste on eta ez naz bildur,
Jauna dot-eta indar eta kemen,
bera neure salbazino. R/.
Atarako dozue ura pozik salbazinoaren iturrietatik.
«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,
iragarri haren egintzak herriei,
agertuazo zein bikaina dan haren izena. R/.
Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,
jakin begie honen barri mundu osoan.
Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.
URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKEA /B
R/. HEMEN NOZU, JAUNA,
ZURE NAHI EGIN DAGIDAN.
V/. Jaunagan neban jarrita itxaropen guztia,
makurtu eta entzun dau nire oihua.
Kantu barria ipini deust ezpanetan,
gorespen-kanta gure Jainkoarentzat. R/.
V/. Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.
V/. Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea.
Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.
URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA /B
R/. ERAKUTSI NIRI, JAUNA, ZURE BIDEAK
V/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi zeure bidezidorrak.
Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/. Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,
betidanikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.
V/. Ona eta zuzena da Jauna,
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.
URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA /B
R/. ENTZUNGO AL DOZUE GAUR JAUNAREN AHOTSA:
“EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA”
V/. Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harkaitzari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
egin deiogun jai txaloka eta kantari. R/.
V/. Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa!:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.
URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKEA /B
R/. GORATU EIZUE JAUNA,
BIHOTZ URRATUAK OSATZEN DITUANA
V/. Bai eder gure Jainkoa kantuz ospatzea,
bai gozo ha doinu eztiz gorestea!
Jaunak dau Jerusalem berreraikitzen,
Israelgo erbesteratuak batzen. R/.
V/. Bihotz-hausiak ditu osatzen
eta hareen zauriak lotzen.
Izarren kopurua finkatzen dau
eta bakotxari bere izena emoten. R/.
V/. Handia da gure Jauna, guztiz indartsua,
haren jakituria neurririk bakoa.
Jaunak zutunik eusten deutse umilei,
lurreraino beheratzen ditu gaiztoak. R/.
URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKEA /B
R/. ZEU ZAITUT BABESLEKU;
ASKAPEN KANTUZ INGURATZEN NOZU
V/. Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik leporatzen ez deutsana,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.
V/. Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.
V/. Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzook,
egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiok. R/.
URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA /B
R/. OSATU NAGIZU, JAUNA,
HOBEN EGINA NOZU-ETA ZURE AURKA
V/. Zorionekoa gizajoaz arduratzen dana,
onik atarako dau Jaunak zoritxar-egunean.
Jaunak bizirik gordeko dau, eta zoriontsu egingo lurrean;
ez dau itziko arerioen menpean. R/.
V/. Ohean minez dala, Jauna jako lagun etorriko,
gaixoaldian haren egoera aldatuko.
Hau esan neban nik: «Erruki, Jauna,
osatu nagizu, pekatu egin dot-eta zure aurka». R/.
V/. Osasuntsu iraunazoko nozu,
zutunik eutsiko zeure aurrean betiko.
Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
betidanik betidaino. Amen, amen. R/.
URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKEA /B
R/. BIHOZBERA ETA ERRUKIORRA DA JAUNA
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.
V/. Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.
V/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.
V/. Zelan sortaldea sartaldetik urrun,
halan ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera. R/.
URTEAN ZEHARREKO IX. DOMEKEA /B
R/. EGIN POZEZ OIHU LAGUNTZAILE DOGUN JAINKOARI
V/. Ekin kantuari, jo danbolina,
jo zitara gozoa eta harpa.
Jo turuta ilbarrian,
ilbeteko gure jaiegunean. R/.
V/. Horixe da-eta Israelen legea,
Jakoben Jainkoak erabagia,
Joseren familiari ezarritako araua,
Egiptotik urten ebanean. R/.
V/. Berbakera ezezaguna entzuten dot:
«Kendu neutsun zama lepotik,
askatu neutsuzan eskuak lan astunetik.
Larrialdian dei egin zeunstan,
eta libratu zindudazan. R/.
V/. Ez izan zeugan beste jainkorik,
ez gurtu jainko arrotzik.
Neu naz Jauna, zure Jainkoa,
Egiptotik atara zinduzana». R/.
URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKEA /B
R/. JAUNAGAN DAGO ERRUKIA
HARENGAN ASKATASUN UGARIA
V/. Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire ahotsa!
Begoz zuhur zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.
V/. Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.
V/. Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren hitza dot itxaroten;
nire barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina egunsentiaren gogo biziz baino gehiago. R/.
V/. Gauzainak egunsentia lez, itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Harek askatuko dau Israel bere erru guztietatik. R/.
URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKEA /B
R/. BAI EDERRA, JAUNA ZU GORESTEA
V/. Bai ederra, Jauna, Zu gorestea
eta zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea
eta gauean zure leialtasuna! R/.
V/. Zintzoa palmondoa lez garatuko da,
Libanoko zedroa lez haziko;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan garatuko da. R/.
V/. Zaharturik be emongo dau frutua,
mardul eta heze iraungo dau,
Jauna zuzena dala iragartzeko,
nire harria, gaiztakeriarik ez dauana. R/.
URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKEA /B
R/. ESKERRAK JAUNARI HAREN MAITASUNA BETIKOA DA-TA
V/. Itsasora jo eben ontzietan
salerosketan jarduteko ur handietan,
eta Jaunak eginak ikusi ebezan,
haren egintza harrigarriak itsaso zabalean. R/.
V/. Haren esanera ekatx-haizea jagi zan,
olatu handiak harrotuz.
Zeruan gora, lezean behera ibili ziran,
barrua zorabioz larri. R/.
V/. Baina larrialdian Jaunari deadar egin eutsoen,
eta libratu ebazan estualditik.
Ekatxa barealdi bihurtu eban
eta olatuen orroa isildu egin zan. R/.
V/. Poztu ziran barealdiaz,
eta euren gogoko portura eroan ebazan Jaunak.
Goratu begie Jauna agertu dauan maitasunagaitik,
gizakien alde egiten dituan gauza harrigarriakaitik! R/.
URTEAN ZEHARREKO XIII. DOMEKEA /B
R/. GORATUKO ZAITUT, JAUNA,
ONIK ATARA NOZULAKO
V/. Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna, Herio-lezatik atara nozu,
zulora jatsi zorian nengoala bizibarritu. R/.
V/. Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une baterako da haren hasarrea, bizi guztirako haren onginahia.
Arratsean negarra da gurean, poz-oihua goizean. R/.
V/. «Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan zakidaz laguntzaile, Jauna».
Negarra dantza bihurtu deustazu,
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.
URTEN ZEHARREKO XIV. DOMEKEA /B
R/. GURE BEGIAK JAUNAGANA DAGOZ,
GUTAZ ERRUKI DADIN ARTE.
V/. Zugana jasotzen ditut begiak,
zeruan errege zaran horrengana. R/.
V/. Zelan morroien begiak nagusien eskuetara
eta neskamearen begiak etxekoandrearen eskuetara,
halan dagoz gure begiak Jaunagana, gure Jainkoagana,
gutaz errukitu dadin arte. R/.
V/. Erruki gutaz, Jauna, erruki!
Buruz gain gagoz mespretxuz,
buruz gain ustetsuen burlaz,
harroen irainez. R/.
URTEAN ZEHARREKO XV. DOMEKEA /B
R/. JAUNA, ZEURE ONGINAHIA ERAKUTSI EIGUZU,
ZEURE SALBAMENA EMOIGUZU.
V/. Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.
V/. Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.
V/. Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.
URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKEA /B
R/. JAUNA DOT ARTZAIN, EZ NAZ EZEREN BEHARREAN.
V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa, bere izenari ohore eginez. R/.
V/. Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz bazagoz;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.
V/. Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.
V/. Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.
URTEAN ZEHARREKO XVII. DOMEKEA /B
R/. ZABALTZEN DOZU ESKUA, JAUNA,
ETA ASEA EMOTEN DEUSKUZU.
V/. Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.
V/. Zuri begira dagoz danak zain,
eta Zuk emoten deutsezu jaten euren sasoian;
zabaltzen dozu eskua,
eta bizidun guztiak onginahiz dozuz asetzen. R/.
V/. Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.
URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKEA /B
R/. ZERUKO OGIA EMON EUTSEN JAUNAK.
V/. Guk entzunak eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
kontatuko deutsaguz hurrengo belaunaldiari
Jaunaren egintza goresgarriak eta haren ahalmena. R/.
V/. Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,
eta zeruko ateak edegi ebazan;
mana isuri eutsen janari,
zeruko ogia emon eutsen. R/.
V/. Aingeruen ogia jan eban gizakiak,
asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak.
Bere lurralde santura eroan ebazan,
berak eskuratutako mendira. R/.
URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA /B
R/. DASTATU EGIZUE ETA IKUSI ZEIN ONA DAN JAUNA.
V/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu daigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.
V/. Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan, eta libratzen ditu.
Dastatu eizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.
URTEAN ZEHARREKO XX. DOMEKEA /B
R/. DASTATU EGIZUE ETA IKUSI ZEIN ONA DAN JAUNA.
V/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirune deutsoenei.
Aberatsek ezagutzen dabe beharrizana eta gosea;
Jaunagana jotzen dabenei ez jake onik falta. R/.
V/. Zatoze, seme-alabok, eta entzun;
Jaunari begirune izaten irakatsiko deutsuet.
Nork ez dau bizia maite?
Nork ez dau luzaro bizi nahi, zoriontsu izateko? R/.
V/. Gorde mihina gatxetik,
ezpanak engainu-hitzetik.
Alde gatxetik, egin on dana,
bilatu bakea eta lehiatu haren alde. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXI. DOMEKEA /B
R/. DASTATU EGIZUE ETA IKUSI ZEIN ONA DAN JAUNA.
V/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Zintzoakana ditu Jaunak begiak,
adi hareen oihura belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen gogorapena. R/.
V/. Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu.
Hurreratu jake Jauna bihotz-hausiei,
salbatzen ditu barru-jausiak. R/.
V/. Zoritxar asko izaten dau zintzoak,
baina guztietatik libratzen dau Jaunak.
Hazur guztiak zaintzen deutsoz,
bat bakarra be ez deutsoe hausiko. R/.
V/. Gaiztakeriak hiltzen dau gaiztoa;
zintzoari gorroto deutsoenek zigorra dabe izango.
Jaunak askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
harengan babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXII. DOMEKEA /B
R/. NOR BIZI, JAUNA, ZURE ETXEAN?
V/. Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor zikintzen ez dauana. R/.
V/. Hurkoari gatxik egiten ez deutsona,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.
V/. Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXIII. DOMEKEA /B
R/. GORATU EGIZU JAUNA, NIRE BARRUA.
V/. Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.
V/. Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.
V/. Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/
URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKEA /B
R/. IBILIKO NAZ JAUNAREN AURREAN
BIZIDUNEN LURRALDEAN
V/. Maite dot Jauna,
entzun dau-eta nire erregu-oihua,
makurtu dau-eta nigana belarria,
dei egin deutsadan egunean. R/.
V/. Heriotza-lokarriek inguratu ninduen,
Herio-lezako sareak harrapatu; estu eta larri nintzan.
Baina dei egin neutsan Jaunaren izenari:
«Arren, Jauna, atara nagizu onik». R/.
V/. Errukiorra eta zintzoa da Jauna,
onbera gure Jainkoa.
Jaunak zaintzen ditu apalak;
lur jota nengoan, eta salbatu nau. R/.
V/. Bai, libratu deust bizia heriotzatik,
begiak malkotik, oinak jaustetik.
Jaunaren aurrean ibiliko naz
bizidunen lurraldean. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXV. DOMEKEA /B
R/. JAUNA DA NIRE BIZIAREN BABESLE.
V/. Ene Jainko, salbatu nagizu zeure izenagaitik,
defendatu nire auzia zeure ahalmenaz.
Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makurtu belarria nire ahoko hitzetara. R/.
V/. Nire aurka jagi dira harroak
eta ni hil nahian dabiltz gogorzaleak,
Jainkoaren ardurarik barik. R/.
V/. Baina nik Jainkoa dot laguntzaile,
Jauna neure biziaren babesle.
Sakrifizioak eskeiniko deutsudaz bihotz-bihotzez,
zure izena goratuko, Jauna, ona zaralako. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKEA /B
R/. JAUNAREN ARAUAK ZUZENAK DIRA,
BIHOTZAREN POZGARRI.
V/. Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau.
Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.
V/. Zure morroi honek hareetan dau argia,
hareek gordetzean sari handia.
Nork ezagutu bere hutsegiteak?
Garbitu nagizu ezkutuko erruetatik. R/.
V/. Gorde nagizu guztiz harrokeriatik,
ez dakidala nagusitu;
holan, akats barik izango naz, pekatu larritik libre. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA /B
R/. JAUNAK BEDEINKATU GAIZALA
GEURE BIZITZAKO EGUN GUZTIETAN.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/
V/. Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.
V/. Hara zelan izango dan bedeinkatua Jaunari begirune deutsona!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.
V/. Ikusi dagizuzala zeure umeen umeak!
Bakea Israeli! R/.
URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /B
R/. ZEURE MAITASUNAZ ASE GAGIZUZ, JAUNA,
POZTU GAITEZAN ZUGAN.
V/. Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki zaitez zeure zerbitzariez. R/.
V/. Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Emon zoriona orain arteko atsekabe-egunen ordez,
ikusi doguzan urte gorrien ordez. R/.
V/. Ikusi begie zure zerbitzariek zure egintza, eta hareen seme-alabek zure dirdaia.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /B
R/. BETOR GUGANA, JAUNA, ZURE MAITASUNA,
ZEUGAN DOGU-ETA GEURE USTE ONA.
V/. Zuzena da Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.
V/. Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.
V/. Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarrita itxaropena. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /B
R/. GUGAZ HANDIKIRO JOKATU DAU JAUNAK;
HAU DA POZA DAUKAGUNA!
V/. Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.
V/. Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.
V/. Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez batzen dabe. R/.
V/. Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-azaoak ekarriz. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKEA /B
R/. MAITE ZAITUT, JAUNA, NEURE INDAR!
V/. Maite zaitut, Jauna, neure indar!
Jauna da nire hatx, nire gaztelu,
bera nire askatzaile. R/.
V/. Nire Jainko, nire harkaitz babesgarri, nire babeski eta salbazino-indar,
nire gordeleku goragarri.
Dei egin neutsan Jaunari,
eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.
V/. Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
Goratua nire Jainko salbatzailea,
garaipen handiak emon deutsoz erregeari,
maitasuna agertu deutso bere igurtzitakoari. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /B
R/. GORATU EGIZU JAUNA, NIRE BARRUA.
V/. Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.
V/. Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.
V/. Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.
URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKEA /B
R/. ZAINDU NAGIZU, JAUNA,
BABES BILA NATOR-ETA ZUGANA.
V/. Jauna, Zu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zeure esku dago nire zoria.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
ha eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
ezta be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.
V/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.
URTEAN ZEHARREKO XXXIV. DOMEKEA /B
R/. ERREGE DA JAUNA, OSPEZ JANTZIA.
V/. Errege da Jauna, ospez jantzia,
Jauna indarrez jantzia eta inguratua! R/.
V/. Sendo ezarrita dago mundua,
ez dago kili-kolo.
Zure tronua sendo ezarrita dago betidanik,
betikoa zara Zu! R/.
V/. Zure erabagiak fidagarri dira;
zure etxea santutasunez eder, Jauna,
betiko egunetan. R/.
R/. HAU DA, JAUNA,
ZURE AURPEGI BILA DABILTZANEN TALDEA.
V/. Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/. Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.
V/. Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Agertu zure nortasuna "ezizenaz" edo "e-mailaz".